Bizkaia Emprende: Bizkaiko enpresak sortzean ekintzaileari laguntzeko ekimen berritzailea.

Saltar navegación
"Trenak bezala, ideia onak berandu iritsi ohi dira."
Giovanni GUARESCHI
 

Inkesta

Pertsona ekintzailea zarela uste duzu?
 

Honek sustatutako web gunea:
Bizkaiko Foru Aldundia. Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Saila
Bizkaian Ekin Sariak
Sustatu Programa
Hasiera arrow Geure ekintzailerik gogokoenak arrow Kepa Junkera. Musikaria

Kepa Junkera. Musikaria

Kepa Junkera

Kepa Junkera (Bilbo, 1965), konpositorea, produktorea eta trikitilaria, autodidakta, geldiezina eta ausarta, nazioartean gehien entzuten den Euskadiko musikarienetako bat bihurtu da. Eta mugarik gabeko musikarekin lortu du hori gainera, harrotasunez betetako euskal musikarekin: Folkean oinarritutakoa, bere sorterrikoa, baina world music delakoaren usainera eta erritmoetara irekitakoa.

Lehenengo diskoa, “Kepa, Zabaleta eta Motriku” (1987), beste batzuekin egin zuen; gero Oskorrin parte hartu du. Gaztetako bere lehenengo diskoak jazz eta folk rockari irekita egin zituen; horiek gogortu egin zuten eta esploratzaile erritmiko bihurtu zuten, bost kontinenteetako konpositore eta artista askorekin lan egiteko aukera emanez.

Oinarrizko bere lehenengo lana “Bilbao 00.00h” (1998) izan zen, eta ordutik hedapen komertziala eta artistikoa izan du Folk Album Hoberenarentzako Grammy Latinoa eskuratu arte. Compañía Nacional de Danza-k bere musika erabiltzen du eta Pedro Almodóvarrek ere aukeratzen du; horrez gain, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, irakaslea da. Produktore moduan egin du lan eta musika klasikoa eta trikitixa batu ditu.


Entrevistando a...  Kepa Junkera.

Zein izan ziren zure musika-proiektuaren hastapenak eta zerk bultzatu zintuen enpresa-proiektua abiaraztera? Nola bihurtu zen proiektu hori "enpresa-proiektu"?
Errekalde auzokoa naiz eta bertan entzuten nuen nire Aitite trikitixa jotzen. Garai hartan, 70. hamarkadaren erdialdean, ez zegoen musika mota hori ikasteko eskolarik eta musika hori zen, hain zuzen ere, niri gustatzen zitzaidana eta familia giroaren bidez jasotzen nuena.

Lagun batek akordeoia utzi zidan eta horrela hasi nintzen modu autodidaktan ikasten. Egia esan, hasieran dena hasi zen jolas baten moduan, 12 urte baino ez nituen. Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldean parte hartzen nuen, musika-tresna batzuk (txistua, pandereta...) jotzen nituen eta, era berean, akordeoi akademikoa ikasten nuen.

Urteak igaro ahala musika ezberdinak entzuten eta ezagutzen hasi nintzen: musika klasikoa, jazza, etab. Munduko beste soinu batzuetan interesa hartu nuen eta esperientzia eta lankidetza berriekin hasi nintzen, Oskorrirekin esaterako.

Hasierako zailtasunak gainditzeko laguntzarik izan zenuen?
Garai hartan ez zegoen arlo horretan inolako laguntzarik. Tradizioen arloan hutsune handia zegoen, eta oraindik badago, baina orain Bizkaiko Foru Aldundiak edo BBK-k Getxoko Folk Jaialdia bezalako proiektuak laguntzen dituzte.

Ez dut beste batzuen esperientziarik izan, ni bakarrik nengoen nire musika-tresnarekin. Mundu zaila da hau, norberaren intuizioan sinestuta bakardadean egindako bilaketa. Gaitasun bat garatu behar da: espazioak bilatzeko erraztasuna. Nire euskarririk garrantzitsuena familia eta ingurukoak izan dira. Eta orain hasi dira proiektu jakin batzuetarako laguntzak sortzen.

Zein da egunero aurrera egiteko duzun motibazioa?
Urte batzuk lehenago hartutako erabaki pertsonala da: musikaren bidez sortzea. Proiektu berriak bultzatu eta garatzea gustatzen zait, baita ideiak sortzeko eta bilatzeko gaitasuna garatzea ere. Jakina, gauza asko utzi behar izan ditut atzean benetan gustatzen zaidana egiteko. Nire bilakaeraren barruan sartzen da hori.

Zer egiten duzu egunero?
Bulegoarekin etengabe nago harremanetan. Adibidez, orain promozioarekin nabil eta horretarako ondo koordinatuta egon behar naiz komunikabideei lotutako ekimenak egiteko, bidaiak antolatzeko eta proiektu berriei ekiteko.

Horretarako nire lantaldea behar dut; egun musikari bat ez da bakarrik interpretatzailea, bere inguruko guztiak nola funtzionatzen duen jakin behar duen pertsona ere bada. Prozesu guztietan egon behar du sartuta.

Zein beste esperientzia ekintzailetan zabiltza?
Grabazio-estudio batean: proiektu paraleloetan egiten dugu lan bertan, talentu berriak bilatzen… Proiektua oso garestia da teknologia garestia izaten delako.

Produkzio-etxe batean: kontzertuak, bidaiak, lantalde teknikoa, disko baten negoziaketa eta abar koordinatzeko. Beste artista batzuekin ere egiten dugu lan, Oskorri, Mikel Urdangarin, Ibon Koteron… Azken honekin, gainera, musika eskola bat egiten ari gara Zazpi Kaleetan: Lur Soinuak.

Ekimen guztiak dira beharrezkoak. Garrantzitsua da horietan parte hartzea, horiek direlako hobetzen eta zure karrera sendotzen laguntzen dizutenak.

Zein da balantzea?
Pozik nago. Nire proiektuak sentsazio ezberdinak ematen dizkit… Lanbideari dagokionez bilakaera izaten ari naiz eta garatzen noa, jendea ezagutuz, etab. Trikitixarekin hasi nintzenean ez nuen pentsatzen hau guztia biziko nuenik.

Zure ustez, Bizkaian eta Euskadin proiektu ekintzaileak abiarazi daitezke?
Euskadi beti izan da ekintzailea, eta bidaietan jende ekintzailea aurkitzen duzu. Baina kultura esparruan zaila da jende ekintzailea aurkitzea eta, ondorioz, musikaren esparruan ere zaila da horrelakorik aurkitzea. Bidea luzea da oraindik. Gazteek bidaiatzeko beharrizana dagoela eta bidaiatu behar dutela ikusi behar dute, kanpoan ikasi behar dute eta beste herrialde batzuk ezagutu... hori izan beharko litzateke gure apustua.