Entrevistando a... Mikel Urizarbarrena.
Nolakoa izan zen zure enpresaren sorrera eta zein izan zen zure enpresa proiektua abiaraztera bultzatu zintuen motibazio pertsonala?
Panda Software sortu aurretik, beste hainbat enpresa eratu izan nituen. Txikitan nire herriko -Zaldibar (Bizkaia)- industri giroa eta enpresaburu txikiek euren enpresak aurrera ateratzeko egin behar zituzten esfortzuak bizi izan nituen. Harrezkero, argi izan nuen enpresak sortu nahi nituela, beraz ingeniaritza teknikoko ikasketak amaitu bezain pronto (1984an) LANTEK Informática Técnica eratu nuen. Ordenagailuz lagunduriko Diseinu eta Fabrikazio Softwaren garapenean zetzan (CAD/CAM). 1987an EUROSOFT sortu nuen, autoeskoletako kudeaketa eta irakaskuntza erreminta informatikoen bidez eraberritzeko asmoz. 1989an EUROSOFTeko programatzaile batek "birus" bat erakutsi zidan eta egia esan, "kreatura" hark liluratu ninduen. Garai haietan birus dozena gutxi batzuk baino ez zeuden, hortaz ez zegoen a posteriori gertatutakoa aurreikusterik. Alde batetik jakin-mina zela eta bestetik jolasa, biruskontrako bat sortzea bururatu zitzaidan eta 1990ean orduan Artemis Antivirus izena eman genionaren lehen bertsioa jaio zen. Urte horretan bertan (1990) nire emaztearekin batera -Berta Frías- Panda Software eratzea erabaki nuen 5.000 euroko kapitalarekin.
Zein izan zen zure proiektu ekintzailearen eragingarria?
Lehen esan moduan, txikitatik erakartzen ninduten enpresaburuaren irudiak eta enpresen rolak. 1984an SAIOLANen, Mondragón Unibertsitateko enpresa-inkubadorean, sartu nintzen eta bertan argi ikusi nuen zein zen jarraitu beharreko bidea. Ondoren, 1986an, AEBtara bidaiatu nuen, Silicon Valleyra, teknologia berrien bihotzera, eta bertan enpresen eta kultura ekintzailearen inguruan nuen ikuspuntua zeharo aldatu zen. Orduan ulertu nuen dirua ez zela, inondik inora, enpresa bat eratzeko gauzarik garrantzitsuena, hori burutzeko gogoa eta proiektua errealitate bihurtzeko gogoekin kontsekuente izateko nahia baizik. Oso bidaia positiboa izan zen munduan gutxi ibilia zen ni bezalako herriko pertsona batentzat. Harrezkero, ziur nengoen enpresak sortzeko ahalmena nuela eta aukeretara adi egon behar nintzela. Lehen birus hura ikusi nuenean, aurrera egin nuen, besterik gabe...
Nolakoak izan ziren zure negozioaren lehen urratsak eta ondorengo garapena?
Durangon hasi ginen enpresarekin 1990eko ekainean, eta handik gutxira Bilbora lekualdatu ginen. 1991an akordio bat lortu genuen IBMek eta Tandomek Espainian saltzen zituzten PC gehienek gure biruskontrakoa erantsirik izan zezaten, beraz haizea alde genuela hasi ginen. 1993an estatu-mailako hedapenari ekin genion eta Madrilen bulego txiki bat ireki genuen. 1994an Bartzelonan ireki genuen bat eta beste bat Valentzian. 1995ean Espainian liderrak ginen. Garai haietan, gure abantaila lehiakor nagusia tokiko birusak gehiago eta hobeto detektatzen genituela zen, alegia, PC espainiarrak erasotzen zituztenak.
1995ean eszenatokia erabat aldatu zen: globalizazioa gure industriara iritsi zen. Interneten garapenak, eta are zehatzago posta elektronikoa horren ospetsu bihurtzeak, birusek mugak gainditzea eta "tokiko birusak" desagertzea ekarri zuen. Orduan, munduan zehar zebilen edozein birus hautemateko gai izan behar ginen, eta asko ziren, milaka gehiago. Esfortzu handiz konpondu genuen hori, baina orduan beste arazo kezkagarriago bat agertu zen: merkatu mugatu batean lan egiten genuenez, Amerikako multinazionalak Espainian ezar zitezkeen prezioak jaitsiz eta gu desagerraraziz. Kanpora irtetea erabaki genuen eta orduan hasi zen gure internazionalizazio prozesua. Nahitaezko internazionalizazioa: hedapena edo desagerpena. Egun, laugarrenak gara Informatika Segurtasuneko munduko rankinean eta gure lantaldea 1.500 pertsonek baino gehiagok osatzen dute; halaber 50 lurralde baino gehiagotan dugu presentzia, bezeroak 222 merkatu desberdinetan eta 23 hizkuntzatara itzulitako produktuak.
Zer motako zailtasunak aurkitu zenituen zure negozioa abiaraztean?
Egia esanda, hasiera batean ez nuen zailtasun berezirik topatu, estutasun ekonomikoren bat, biruskontrako bat garatzeak suposatzen zituen zailtasun teknikoak eta lehen bezeroak aurkitzeaz aparte. Gogo handiak nituen proiektua garatzeko eta bere potentziala ezagutzeko, eta egia esan jarduera desberdina iruditu zitzaidan, dibertigarria, PC bat zuen edozein pertsona edo enpresa bezero potentziala izan zitekeen.
Aurkitu zenituen arazoen artean, zeintzuk izan ziren konpontzen zailenak: ekonomikoak, pertsona eta bestelako baliabideekin lotura dutenak, etab.?
Zailena lehen bezeroak topatzea izan zen. IBM eta Tandomekin lehen akordioak sinatzea arnasbidea izan zen guretzat. Egia esan, gure jarduera konplexua da erabat, oso intentsiboa baita alderdi ugarietan: teknologia, azpiegiturak, pertsonak, antolaketa, jabetza intelektuala, marketinga, nazioarteko merkataritza, etab.
Zein urrats jarraitu zenituen zure negozioaren barne antolakuntzarako?
Hasi ginenean nire emaztea administrazio gai gehienetaz arduratzen zen (langileria, finantzak, etab.) eta ni berriz, eremu teknikoaz eta merkataritzako eremuaz arduratzen nintzen. Garapen eta ikerketa lantalde txiki baina trebe bat genuen eta baita merkataritza-agente bat ere. Gure jarduerarako ezinbestekoa ez zen guztia birkontratatzen genuen. Pixkanaka, hazi ahala, begien bistakoa zen nolabaiteko antolaketa egituratuagoa behar genuela. Fase desberdinak bizi izan ditugu, baina gaur egun enpresa bi zatitan banaturik dugu, bata Estrategia Zuzendaritza Bulegoa izenekoa, nik pertsonalki zuzentzen dudana eta estrategiaz, ikerkuntzaz eta errotikako eraberriketaz arduratzen dena, eta bestea eguneroko kudeaketaz arduratzen dena, Panda Software International izenekoa, eta Ainhoa Aguirrek, gure zuzendari nagusiak, zuzentzen duena. Eguneroko kudeaketaz arduratzen den arlo hori hiru zatitan banatzen da: administrazio arloa, arlo teknikoa eta merkataritzako jardueraz arduratzen den arloa.
Zer nolako laguntzak izan zituen zure enpresak hasierako zailtasunak gainditzeko?
Nik neuk beti uste izan dut proiektu bat ez dela laguntzetan sostengatu behar, ezta horiek bere bideragarritasunerako aintzakotzat hartu ere. Hori dela eta, laguntzak eskatzea ere ez zitzaidan bururatu. Honekin ez dut esan nahi laguntzen kontra nagoenik, eta ematen badizkizute ba ondo baino hobeto, baina ez zait gustatzen laguntzak enpresa bat sortzeko garaian baldintzatzaile nagusi moduan hartzea.
Jaso ez zenuen zer laguntza instituzional behar izan zenukeen?
Egia esanda, bakar bat ere ez. Hala ere, bidezkoa da aitortzea Eusko Jaurlaritzako IMI programak Panda Software eta arlo informatikoko beste hainbat euskal enpresen sorreran izan zuen eragin erabakigarria. Programa hau (siglak "Incorporación de la microelectrónica en la Industria"ri dagozkio) 1983an abiarazi zen eta ia 10 urtez orduko teknologia elektroniko eta informatiko berriak hedatu eta milaka pertsona prestatu zituen. Horri esker, PCen barnetasunak eta programazio hizkuntza sofistikatuenak ezagutzen zituzten profesional bikainak izan genituen, beste lurraldetan ez bezala.
Zure negozio ideia sustatzeko beharrezkoa zen kapitala biltzea erraza suertatu zitzaizun?
Lehen aipatu dudan moduan, ez ginen kapital handiarekin hasi...
Nola lortu zenuen kapital hori (norberarena, laguntza instituzionalak, lagunak eta familia, finantza erakundeak, arrisku-kapitala...)?
Norberarena zen.
Zer egin beharko lukete erakunde publikoek kultura ekintzailea gizartean sustatzeko?
Nire ustez, nagusiki bideratzaileak izan beharko lirateke. Erakunde publikoek baldintzak sortu beharko lituzkete enpresa bat sortzea erraza izan dadin eta izapide gehiegi egin behar ez izateko. Enpresa berrien eraketan lagundu beharko lukete kultura ekintzailea suspertuz eta zerga-onuraren baten bitartez, batik bat enpresaren lehen urteetan zehar. Zalantzarik gabe, enpresak dira gizarteak aberastasuna sortzeko dituen baliabide nagusiak eta gure bizimodua sustengatzea ahalbidetzen dutenak, hortaz erakundeak dira interesdun nagusiak enpresa ugari eta onak egotean.
Zure ustez Bizkaia lurralde aproposa al da proiektu ekintzaile bat abian jartzeko?
Zalantzarik gabe. Bizkaia lurralde pribilegiatua da, unibertsitate eta hezitegi aipagarriak dituena, eta hortaz profesional bikainak. Gainera, enpresa ohitura indartsua dago, azpiegitura eta komunikabide eraginkorrak, klima eta ingurune bikainak, eta oro har bizitza kalitate aitortua.
Zer abantaila eta ahulezia existitzen dira Bizkaian oro har?
Abantailak, jadanik aipatu ditu. Orokorrean, ez zaizkit ahulezi ugari bururatzen, nahiz eta egia den horren globalizatua dagoen mundu honetan hainbat arloentzat egokiagoa izango litzatekeela Silicon Valleyn egotea, adibidez.
Bizkaiko eta Euskadiko klima sozio-ekonomiko eta kulturala aproposa al da ekimen ekintzaileak garatzeko?
Bai, inongo zalantzarik gabe, nahiz eta hainbat itzal ere sumatzen ditudan. Ziur nago erakundeen esfortzu zintzoaz eta baita komunikabideen laguntzaz. Hala ere, nire ikuspuntutik oraindik familia eta giza testuinguru zabalenean errotutako aztarna kultural bat existitzen da, alegia, arriskuaren beldur gara eta "ziurrenera" atxikitzan gara, eta zergatik esan ez, erosoenera, eta horrek ekimen asko geldiarazten ditu. Gure potentziala bikaina da, baina ustiapena gutxienekoa da.
Bizkaiko eta Euskadiko ekintzaile kopurua egokia al da ala gehitu beharko litzateke? Eta kasu horretan, nola?
Egia esanda Bizkaiko zein Euskadiko ekintzaile kopurua urrun dago egokia izatetik. Izan ere, eta GEM 2005 (Global Entrepreneurship Monitor) azterlanaren arabera, ekintzaile berrien tasa Espainiako batezbestekotik behera dago, eta askoz, askoz beherago AEBetako tasatik.
Nire ikuspuntutik ekintzaile espiritua (nire ustez oparoa dena) leuntasunez ezabatua da irmotasun handiz. Uste dut gure pentsamoldea aldatu behar dugula bizitza kalitateari dagokionez, ia bakarrik aisiaren gozamenera lotuta dagoena; erosotasuna eta "funtzionarioei" dagokionez, ordea beste gizarte behartsuagoek tokia kenduko digute. Ezinbestekoa da alderdi sortzailea, ekintzailea, eraberritzailea haurtzarotik hasita sustatzea, ikastetxeetan eta bereziki etxean. Nik uste guraso askok euren seme-alabei arriskuak hartzeko gogoak kentzen dizkietela, eta gero geure buruari galdetzen diogu ea zergatik ez duten ekintzaileak izan nahi...
Nola deskribatuko zenituzke ekintzaile berriak?
Nire aburuz, gure gizarteko motore ezinbesteko horietako bat dira, motore nagusia ez badira. Pentsatzen dut ekintzaile berriek, gero eta gehiago, euren ekintzetan bezeroa ez ezik euren inguruko pertsonak eta gizartea ere sartzen dituzten pertsonak direla.
Zure prestakuntza baliagarria izan zitzaizun zure negozioa abiaraztean?
Noski baietz. Ingeniaritza teknikoa ikasi nuen eta ikasketetan zehar lortutako trebetasunek sortu zaizkidan egoera berriak arrazionalki bideratzea, eta ezagutzen ez nituen eremuetan nahiko arin ikastea ahalbidetu didate. Gainera, "ingeniari" hitza gaztelaniazko "ingenio" (zorroztasun) hitzetik dator, eta hori, zalantzarik gabe, ekintzaile orok izan beharreko ezaugarria da.
Ikasketen inguruan dudan ikuspuntua, eta batez ere egun litekeena dela ikasi ez duzun zerbaiterako lanean aritzea, zera da: oztopo lasterketa baterako entrenamendu antzeko zerbait direla. Beste edozer gauza ikasteko oinarri eta gaitasuna eskuratzen duzu. Hori da euren balio garrantzitsua, geure munduan bizitza osoa eman behar baituzu ikasten.
Nola ikusten duzu prestakuntza eta lanbide eremuaren arteko harremana?
Nik uste Espainian oraindik ere ia ukitzen ez diren bi mundu paralelo direla. Nahiz eta salbuespen errespetagarriak egon, faltan botatzen dut ikasketa eta lanbide munduaren arteko harreman estuagoa. Horren atzean dagoen arrazoia ez dut ezagutzen, baina irtenbidea topatu behar diogu, beharrezkoak ez diren frustrazio ugari sortzen baitira.
Lehen adierazi dudan moduan, gaur egun ziur asko ikasketetan zehar lortu ez zenituen abilezia asko ikasi eta menderatu beharko dituzu, eta zalantzarik gabe behin lanbide munduan zaudela, arinago ikasten duzu motibatuago zaudelako. "Profesional hibridoa" eta "ezkutuko curriculum" hitzak asko gustatzen zaizkit, argi eta garbi deskribatzen baitute gure garaiko profesional onen izaera.
Zer hobetu beharko litzateke prestakuntza eskaintza lan munduko beharretara egokitzeko?
Uste dut ikasle gazte orok aldi berean ikasi eta lan egin beharko lukeela hainbat urteetan zehar. Nire aburuz, hori da bidea bai gehiago ikasteko, bai horren konplexua den egungo munduan zure burua hobeto bideratzeko.
Gainera, gaur egun, lanen proportzio handi bat taldetan burutzen dira eta taldean lan egiten eta zure rol zehatzetik elkarrekintzan jarduten ikasi behar duzu.
Nolakoa da zure enpresako eguneroko kudeaketa? Zerk kezkatzen zaitu, zeri jartzen diozu arreta gehiago?
Aipatu bezala, teknologia eta merkatu berrien ikerketaz eta Grupo Panda Softwaren estrategia definitzeaz arduratzen naiz. Halaber, gure jarduerako parametro nagusien garapena eta ezarritako helburuetara egiten den aurrerapena monitorizatzen dut.
Taldearen egunerokotasuna gogorra da eta Ainhoa Aguirre, gure zuzendari nagusia, eta bere zuzendaritza-taldearen ardura da. Egia esan zeregin konplexua da, kalitatezko konponbide berriak sortu behar ditugulako (normalean softwareak bakarrik, baina batzuetan baita hardwareak ere), bide desberdinetatik saldu eta gure partner eta bezeroei euskarri teknikoa eman.
Zerk motibatzen zaitu egunero jarraitzeko?
Zorioneko sentitzen naiz egiten dudana gustatzen zaidalako, eta hori da nire eguneroko motibazio nagusia. Etengabe ezartzen dizkiot erronka berriak nire buruari eta horiek lortzeko posible den guztia egiten dut.
Atzera begira, hartutako zein erabaki aldatuko zenuke?
90. hamarkadaren erdialdean AEBetara bizitzera joan behar izan nintzela uste dut. Enpresarentzat onuragarriagoa izan zitekeen, nahiz eta egia izan egun negozioak edonondik egin daitezkeela, informatikaren industriak AEBen inguruan biratzen du eta bertan mundu merkatuaren erdia dago. Familia kontuak nagusitu ziren orduan, eta zentsu batean damu naizen arren, ikuspegi orokorrago batean ez naiz hartu nuen erabakiaz damutzen.
Zure proiektuan garatutako zein alderdiz sentitzen zara harroago? Zeintzuk dira gogobetetzeak, alegia, ekintzailearen esfortzua konpentsatzen duen hori?
Ororen gainetik, ondo pasatu dut proiektua haztarazten. Bidean zehar asko ikasi dut eta pertsona miresgarriak ezagutu ditut. Era berean, harro sentitzen naiz proiektua eurena egin eta euren lanbide-karrera Panda Softwaren garatzea erabaki duten horrenbeste pertsonaz.
Zer mehatxu eta arazo topatu dituzu eta nola konpondu dituzu?
Edozein ekintzaile bezalaxe, momentu zailak pasa ditut eta asko ikasi dut haietatik.
Gure industrian, hackerren aldaketa teknologiko batek edo elkarlehiakideek sortutako teknologia berriren batek merkatutik kanpo utzi zaitzake. Eta "kanpoan" esaten dudanean bideragarritasunik gabe geratzen zarela esan nahi dut, teknologia berriekin produktu berri bat garatzen, erraz, urte bat baino gehiago eman dezakezulako. Hori da mehatxu nagusia eta etengabeko tentsioa eragiten du, eta horren aurrean antidoto bakarra etengabeko eraberriketa da. Hori da egiten duguna, eta etengabe gabiltza munduko rankinean hazi eta gora egiten ahalbidetzen diguten fokatze berriak eta teknologia eraginkorrak hedatzen.
Halaber, zer aukera topatu dituzu?
Batzuetan merkatuak inorentzako lekurik ez dagoen plaza jendetsu bat ematen du. Baina plazara salto egiten baduzu, behin bertan, egia da inoiz imajinatutako aukerak ikusten direla.
Panda Softwaren biruskontrakoekin hasi ginen, baina espektro zabalago bat gureganatu behar genuela ohartu ginen: firewalls, spyware, troyanoak eta beste hainbat mehatxu, eta gaur egun ez gatoz bat biruskontrakoei soilik dagokien kategoriarekin. Halaber, enpresek hainbat geruza babesle behar zituztela ikusi genuen (estazioak, fitxategi zerbitzariak, mezularitza zerbitzariak, etab.) eta aukera horretaz baliatu ahal izan ginen. Applianceak ateratzen lehenetarikoak izan ginen (segurtasun zerbitzariak enpresaren beharretako bereziki diseinatuak). Segurtasuna zerbitzu moduan eskaintzeko kontzeptuan ere aitzindariak izan ginen eta, izan ere, industriari aurrea hartu genion eguneroko eguneratze automatikoen ematean eta gure produktuei adimen artifizialezko teknologia proaktiboak eranstean, oraindik ezagunak ez diren mehatxuak antzemateko eta ezabatzeko gai izan daitezen.
Oso ondo aprobetxatu genuen internazionalizazioak osatzen zuen aukera eta oso bereziki internetek luzatutakoa.
Bestelako esperientzia ekintzailetan parte hartu al duzu?
Hasieran aipatutakoez gain, beste zenbait enpresa sortu ditut, baina Panda baino txikiagoak. Garai liluragarri honetan bizitzea tokatu zaigu aukera handiekin aprobetxatu nahi dituenarentzat...
Zein da balantzea?
Oso positiboa. Ekin ditudan proiektu guztiez oso harro nago, baita zailenak suertatu zaizkidanaz ere, horiek aurrera eramateak benetan asebete nauelako.
Orain, zein proiektu garatzea duzu buruan?
Momentu honetan osagarri sozialak dituzten proiektuak interesatzen zaizkit eta horretan nabil lanean...
Zer aholku emango zenieke negozio bat abiarazi edo abiaraztean pentsatzen dutenei?
Nire ustez guztiak izan gaitezke ekintzaile. Hori dela eta, nik ekintzaile potentzial orori mezu hau bidaltzen diot, "Goseak adimena zorrozten duela" eta enpresak diru gutxirekin sor daitezkeela. Benetan garrantzitsuena honako hau da: nahi izatea, beharrak eta horiek asebetetzeko modu eraginkorrak topatzea eta proiektuari porrot egiteko beldurrik gabe ekitea.
Orain dela urte asko erabaki bat hartu nuen: "Heldua naizenean esango dut honako hau egin nuen eta ongi irten zen; beste hori ere egin nuen eta ez zitzaidan horren ondo irten; baina ez dut inoiz esango hura egin izan banu edo hori egin ahal izan nuen, baina..." Hori da nire mezu nagusia, ardurak baldin badituzu ekiozu abenturari. Gero, behin martxan, ziur asko zailtasunak topatuko dituzu, baina aurrera jarraitzen baduzu ziur menderatuko dituzula.
Zure ustez zergatik da horren eskasa ekintzaile kopurua?
Erosotasuna agian. Bizitza kalitatearen kontzeptua ia bakarrik aisiaren gozamenarekin erabat lotuta dago eta ondorioz ekiteak suposatzen dituen arriskuak ekiditearekin.
Beste iruzkin batzuk:
Nire ikuspuntutik ekintzaile on baten ezaugarri nagusia ekintzaile izateko gogoa edukitzea dela, zalantzarik gabe, horrek zailtasunak dakartzan arren. Nire ustez, ororen gainetik, guztia dibertigarria eta erakargarria izatea eragiten duen izaera bat da. Pertsonalki uste dut ekintzaile onak pertsona xumeak eta umilak direla, egiten duten hori benetan erakartzen diela, oso langileak direla eta jakin-min itzela dutela; gauzetan dute interesa eta ez haiek interesgarriak izatean. Modu berean, gogor ekiten diotela eta zailtasunen aurrean adoretzen direla pentsatzen dut. Nire aburuz ekin, sortu eta eraberritu sinonimoak dira. Pentsatzen dut ekintzailea artista bat dela, eta margolaria edo idazlea bezala, amets bat daukala eta hori errealitate bihurtzeko pertseberantzia eta ahalmena ere baduela.